Eduki publikatzailea

Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta KBE

Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta KBE

Leku hau Euskal Autonomia Erkidegoko mendi eremu handienetakoa da. Norabide nagusia NW-SE da, eta mendilerro luze honek hainbat mendilerro batzen ditu era berean, besteak beste hauek: Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Elgea eta Zaraia. kantauriar isurialdearen eta mediterraneo isurialdearen arteko banalerroan dago, eta bertan jaiotzen dira hiru ibai nagusi gipuzkoarrak: Deba, Urola eta Oria. Kareharrizko erliebe handi, garrantzitsu eta konplexuak ditu, paisaian nabarmen ikusten direnak, eta fenomeno karstiko orokorrak eta paisaiaren formak askotarikoak dira: gailurrak, amilburuak eta haitzak, trokarte sakonak, sakonuneak eta lapiaz zelaiak. Gailur lerroen arteko magaletan eta sakonuneetan dauden lursailek euskal mendi atlantikoak berezko dituen paisaiak osatzen dituzte.

Eremua osatzen duten lursail gehienak Behe Kretazikokoak dira. Erliebe nabarmenenak kalizak dira, bereziki urgondar uharrezko jatorria dutenak, higadurarekiko sendoak direnez, erliebean nabarmentzen direlarik. Hala ere, disolbagarritasunaren ondorioz fenomeno karstiko handiak gertatu dira. Zenbait eremutan zulo handiak ugariak dira.

Paisaia hau ezaugarritzen dute lapiazeko morfologiek, dolinek, sarbegiek eta sakonune handiek (Urbia), kalizetan txertatuta daudenak Arantzazu eta Jaturabe moduan. Horrez gain, antzinako lur azpiko ibilguak ere ikusi daitezke (San Adriango tunelekoa adibidez), gaur egun urik ez dutenak, eta sakonago daudenak. Lurzoruko erabilera nagusiak basokoa eta abeltzaintza dira, baita aisialdikoa ere, mendizaletasuna dela-eta. Bertako baso masak nagusi dira ustiapen intentsiboko landaketen aurrean. Ingurua latxa ardien artzaintzarako garrantzitsuenetakoa da, eta behiekin eta zaldiekin ere lan egiten da. Horiekin lotutako borda edo “saroi” asko daude inguruan. Arantzazuko Santutegia ere eremu horretako eraginpeko lurrean dago, leku erlijioso eta turistiko garrantzitsua delarik. Ezkerreko aldetik igarotzen dira Oria harana zeharkatzen duten hegazti migratzaile gehienak, eta nagusiki usoak ehizatzeko postu asko daude.

Zergatik den garrantzitsua

Eremu hori Euskal Autonomia Erkidegoko mendigune garrantzitsuenetakoa da, eta bertako basoek azalera handia hartzen dute. Kareharrizko tontor eta haitzetan (pitzadurak, erlaitzak, lapiaz arrakalak, harkaitz oinak, eta abar) interes korologiko handiko landare menditarrak daude. Oso garrantzitsuak dira baita ere zohikaztegi txikiak, bereziak direlako. Landare batzuk Pirinioetako eta kantauriar mendietako edo iberiar iparraldeko espezie endemikoak dira; beste batzuk goi mendietakoak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gailurrik handienetan aurki daitezke. Zenbait eremu higroturbosotan, besteak beste Arbaraingo esfagnale-zohikaztegian, autonomia erkidegoan oso arraroak diren landare asko daude. Lagin geomorfologikoa aberatsa da, intereseko egiturak daudelarik, besteak beste magaletako kolubioiak, egitura erliebeak, mota guztietako egitura karstikoak, eta abar. Mendigune honetan, non baso masa handiak eta anitzak, mendi gailur garrantzitsuak, larre eta zelai zabalak, txilardiak, errekasto eta eremu hezeak dauden, beste leku batzuetan desagertu diren edo latitude horietako mendi inguruetan bizi diren fauna espezieak bizi eta babesten dira. Nabarmentzekoak dira kiropteroak eta basoko haragijaleak. Edonola ere, Aizkorri-Aratz mendilerroak, beste mendi batzuekin batera, igarobide biogeografiko garrantzitsua osatzen du Pirinioen eta Kantauriar mendikate garrantzitsuen artean.

DATU TEKNIKOAK

Menditarrak, basoak eta larreak
Espazio mota

KBE eta parke naturala

Azalera

15.937,42 ha

Gertuko udalerriak

Egino, Ilarduya, Albeniz, Araia, Zalduondo

Intereseko fauna

Baso inguruneei lotutako fauna zabala nabarmendu behar da, baita errupikolak ere, esaterako belatz handiak, sai arreak, sai zuria, lepahoriak, ipurtatsa, basakatua eta saguzarren hainbat espezie. Ornogabeen artean Quimper barraskiloa ere aurki dezakegu.

Intereseko flora

Mendi larreen flora aberatsa eta anitza da, tartean daude Armeria pubinervis, Botrychium lunaria, Carlina acaulis, Coeloglossum viride, Gentianopsis ciliata, Geranium cinereum, Huperzia selago, Meum athamanticum eta lilipa ugari.

Habitat esanguratsuak

Txilardi lehor europarrak

Landare formazioak, Nardusekin

Pagadi azidofilo atlantikoak, oihanpeekin, Ilex eta batzuetan Taxus.

Argibideak

Aizkorri-Aratzeko Parketxea

Intuxi 48. Araia (Araba)

945386964 / 688629932

parketxe.aizkorriaratz@gmail.com 

Beste espazio batzuk

Ruta cercana

Aldaiako mendiak KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Arabako Hegoaldeko Mendilerroen KBE eta HBBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Valderejo- Sobron- Artzena Mendilerroa KBE eta HBEE eta Valderejoko Parke Naturala

Ikusi gehiago