Eduki publikatzailea

Urkiola Parke Naturala eta KBE

Urkiola Parke Naturala eta KBE

Urkiola EAEko mendigune garrantzitsuenetakoa da. Kantauriar-mediterranear isurialdeen banalerroan kokatuta dago, Araba eta Bizkaia artean, eta eremu hori osatzen dute Aramotz mendizerrak, Durangaldeko mendiek eta Arangio mendizerrak.

Mendi horietako topografia gogorra da, eta ezaugarritsuak dira Mugarra, Aramotz eta bereziki Anboto kareharrizko haitzak, inguruko haranetan hazten direnak, oso ederra den multzoa osatuz. Dudarik gabe, Urkiolaren ezaugarri bat paisaiaren erakargarritasuna da.

Gailurren ondoan nabarmenki karstifikatutako eremuak daude, eta horietan hainbat leize, pitzadura, dolina eta amildegi sortu dira. Esparru horretan, haitzei lotutako flora eta fauna bereziki interesgarriak dira; labarretan eta hartxingadietan Urkiolako landare espezie berezi gehienak daude, eta leku horietan haitzetako hegazti harrapariak egoten dira, besteak beste sai zuriak, belatz handiak eta sai arreak.  Gainera, basoak eta kobazuloak daudenez, kiropteroak ere badaude.

Zuhaitzez betetako eremuek espazioaren erdia baino gehiago hartzen dute, eta ia zati berdinetan banatzen dira baso naturaletan eta landaketa eremuetan. Baso naturalen artean, hedapena dela-eta pagadi azidofiloak, harrietako pagadi kaltzikolak eta kantauriar artadiak nabarmentzen dira.

Gaur egun Urkiola modu horretan banatuta dago nagusiki eremu horretako paisaian gizakiek eragin handia izan dutelako. Artzaintza estentsiboa orain dela askotik gauzatzen da, eta bertako hainbat bizilagunen bizirauteko modua izan da. Jarduera horren ondorioz deforestazio handia egon da, eta beste helburu batzuetarako ere moztu izan dituzte zuhaitzak (eraikuntza, ikazkintza, sutako egurra lortzea, eta abar).

Mendi horietako kareharria ospetsua izan da, eta kareharria ateratzea jarduera garrantzitsua izan da, Urkiolako eremuan hainbat harrobi sortu direlarik. Espazio naturalaren barne dauden harrobi handienak Atxartekoak (denbora askoan ez daude martxan eta eraberritu egingo dituzte) eta Zallobentakoak dira (segurtasunean jartzeko, abandonu eta eraberritze egoeran). Markomin Goikoa eta Mutxate harrobiak Babestutako Espazio Naturaletik kanpo daude, baina Babestutako Eremu Periferikoaren barne.

Erabilera publikoa eta bisitarien joan-etorriak altuak dira, bereziki Urkiolako mendatean, San Antonioren santutegia dagoen lekuan, erromesaldiak eta erromeriak ohikoak direlarik. Leku horretan hasten dira baita ere hainbat mendi ibilaldi, Urkiola EAEko erreferentziazko lekuetako bat baita mendizaletasunaren alorrean. Atxarten eta Baltzolan eskalatzaile asko egoten dira baita ere.

Zergatik den garrantzitsua

Urkiolako natura balio nabarmenen adierazgarri da erkidegoko intereseko 16 habitat daudela bertan (horietako hiru lehentasunezkoak), Habitatei buruzko 92/43/CEE zuzentarauaren I. eranskinean jasota daudenak hain zuzen ere. Gainera, Urkiola ezinbesteko eremua da haitzetako zenbait habitat kontserbatzeko, bai habitat horien hedapena dela-eta, bai horien berezitasuna dela-eta, eta pagadi azidofiloak kontserbatzeko ere garrantzitsua da.

Urkiolan gutxienez 92/43/CEE Zuzentarauaren II. eranskinean jasotako fauna espezie guztien arteko 11 daude eta IV. eranskinean jasotako 16 espezie, baita 2009/147/CE Zuzentarauko I. eranskinean jasotako 12 hegazti espezie ere. Azken zuzentarau hori hegazti basatiak kontserbatzeari buruzkoa da. Azken talde horretan nabarmentzekoak dira haitzetako hegaztiak, Urkiolan bizi diren populazioak baitaude: sai arrea (Gyps fulvus), belatz handia (Falco peregrinus) eta sai zuria (Neophron percnopterus), eta azken horrekiko nabarmendu egin behar da EAEn eta estatuan duen arrarifikazioa. Arrano beltzak (Aquila chrysaetos) eta ugatzak (Gypaetus barbatus) batzuetan bertan egoten dira, erratiko gisa edo beren ibiltzeko eremu bezala sartuz, baina ez dago erregistratuta inguru horretan ugaltzen direnik. Horrez gain, bertan bizi dira harkaitz zozo gorriak (Monticola saxatilis) eta harkaitz zozo urdinak (Monticola solitarius).

DATU TEKNIKOAK

Menditarrak, basoak eta larreak
Espazio mota

KBE eta parke naturala

Azalera

6.020,53 ha

Gertuko udalerriak

Olaeta, Ibarra, Elorrio, Abadiño

Intereseko fauna

Urkiola EAEko mendi ingurunean hobekien zaindutako leku esanguratsuenetako bat da; hegazti faunako espezieen komunitatea ondo egituratuta dago, eta baso ingurune zein ingurune errupikolak ondo biltzen ditu: sai arreak, belatz handiak, sai zuriak, harkaitz zozo gorriak, harkaitz zozo urdinak, zapelatz liztorjaleak, zuhaitz belatz europarra edo sugezale europarra. Eremu irekietan etze txinbo, mirotz zuri edo zata europarren populazio ugaltzaileak daude.

Intereseko flora

Urkiolako esparruan flora mehatxatuko hainbat espezie daude, endemikoak edo arriskuan; erkidegoko eta/edo eskualdeko intereseko espezieak dira.

Habitat esanguratsuak

Harri malda kaltzikolak, pagadi azidofiloak, larre alpetar eta subalpetar karetsuak eta artadiak.

Argibideak

Toki Alai interpretazio zentroa

Urkiola auzoa, Abadiño

946 814 155

urkiola.parke.naturala@bizkaia.eus

Beste espazio batzuk

Ruta cercana

Gorbeia Parke Naturala eta KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Izki parke naturala, KBE eta HBBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Valderejo- Sobron- Artzena Mendilerroa KBE eta HBEE eta Valderejoko Parke Naturala

Ikusi gehiago