Eduki publikatzailea

Gorbeia Parke Naturala eta KBE

Gorbeia Parke Naturala eta KBE

Gorbeia kantauriar-mediterranear isurialdeen banalerroan kokatutako mendikate luzea da, eta zati bat Bizkaian dago eta bestea Araban. Eremu horren garaiera dela-eta, mendiko klima du: mendiguneak hesi baten modura jokatzen du, eta Bizkaiko golkotik datozen haize hezeak gelditzen ditu, eta horren ondorioz, ezberdintasun handiak daude iparraldeko hegalaren eta hegoaldekoaren artean, lehenengoa hezeagoa delarik eta bigarrena sikuagoa eta eguzkitsuagoa.

Gorbeian, ondorioz, mendiko ekosistemak aberatsak dira, eta kontserbazio egoera ona da. Topografia gogorrari bestalde, gizakiek inguru horretan milaka urteetan zehar gauzatutako abeltzaintza jarduera gehitu behar zaio. Horrekin guztiarekin balio natural handiko eremua sortu da, giro ezberdinak dituena, eta horrenbestez, baso naturalak, txilardiak eta mendiko sasitzak, haitzak, hezeguneak (Altubeko putzuak, Saldropoko hezegunea, esfagnaleak, eta abar) eta errekastoak daude. KBEaren % 70 baino gehiagoan baso masak daude; horietatik % 67 baso hostotsuak dira, eta gainerako % 33an koniferoak daude landatuta. Pagadi azidofiloak eta basofiloak eta ameztiak (aurrekoak baino gutxiago) dira nagusi Gorbeiako basoetan.

Zergatik den garrantzitsua

Leku hau nabarmena da jatorrizko zuhaitz hostotsu asko daudelako (pagadiak eta hariztiak nagusiki), haitzak eta hezegune txikiak eta mendiko flora daudelarik baita ere. Gorbeian penintsula erdialdeko eta iparraldeko mendietako zenbait espezie endemiko daude, eta bakarren bat bakarrik leku honetan dago Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez.

Ibilguen, hezeguneen, baso masen eta haitzen kontserbazio egoera nahiko ona da, eta Natura 2000 Sarean interes handikoak diren zenbait espezie daude. Landareen artean nabarmentzekoa da Ranunculus amplexicaulis espeziea. Anfibioen artean daude gailurretako uhandreak, baso igel jauzkariak eta hankaluzeak, eta hegaztien artean sai arreak, sai zuriak, belatxinga mokohoriak eta mokogorriak, harkaitz zozo gorriak, aztoreak, gabiraiak, zapelatz liztorjaleak, belatzak eta mendi txirriskilak. Bukatzeko, lepahoriak, basakatuak eta ipurtatsak aipatu behar dira.

Eremu hau EGL gisa proposatzeko arrazoi izan ziren balio naturalez eta ekologikoez gain, Gorbeia eta inguruak EAEn garrantzia handiko paisaia erreferentea dira, euskaldunentzako karga sinboliko eta kultural handia dutenak, eta bereziki inguruko bizilagunentzat. Horren adibide da eremu horretako ondare kulturala, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen arabera sailkatutako hainbat kultur ondasun eta presuntzio arkeologikoko eremuak baitaude. Horrez gain, EAEko mendigune nagusienetakoa da, eta mendi ibilbideak egiteko erreferentziazko lekua, Gorbeiagane bezalako (1.481 m) gailur esanguratsuekin.

DATU TEKNIKOAK

Menditarrak, basoak eta larreak
Gune mota

KBE eta parke naturala

Azalera

20.226,45 ha

Gertuko udalerriak

Araba: Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia, Legutio.

Bizkaia: Zeanuri, Artea, Orozko, Ubide, Zeberio eta Areatza

Intereseko fauna

EAEko mendi ingurunean hobekien zaindutako hegazti faunaren multzo onenetako bat da Gorbeia. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan jasotako hainbat fauna espezie daude bertan, eta saguzarrak nabarmendu behar dira. Beste espezie interesgarri batzuk dira, esaterako, muxar grisa, basakatua, apoarmatu istilzalea edo Schreiber muskerra.   Ornogabeen artean Quimper barraskiloa eta karramarro autoktonoa daude.

Intereseko flora

Florari dagokionez, honako hauek aipa daitezke: Narcissus pseudonarcissus subsp.nobilis, Narcissus asturiensis edo Trichomanes speciosum, baita Spiranthes aestivalis orkidea ere, eta Iberiar penintsulan oso arraroa den Sphagnum squarrosum goroldioa edo briofitoa.

Habitat esanguratsuak

Txilardi lehor europarrak, mendi larreak, zingira azidofiloak eta basofiloak, kare harkaitzak, kobazuloak, pagadi azidofiloak eta ameztiak.

Argibideak

Gorbeia Parke Naturaleko Parketxea

Lekanda, 01139 Sarria. Araba

parquegorbeia@parques.araba.eus 

Beste gune batzuk

Ruta cercana

Gasteizko Mendi Garaiak KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Izki parke naturala, KBE eta HBBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Urkiola Parke Naturala eta KBE

Ikusi gehiago