Eduki publikatzailea

Barrundia ibaia KBE

Barrundia ibaia KBE

Barrundia ibai guztiak osatzen duen eremua da, jaiotzen denetik Zadorrarekin batzen denera arte Uribarri-Ganboa urtegiaren bukaeran. Guztira 18 kilometro ditu 1.100 eta 550 koten artean. Material kretazikoetatik igarotzen da: goi ibarrean buztinak, margak eta hareharriak zeharkatzen ditu, eta ondoren, marga eta kareharri buztintsuak. Goi ibarrean Urkilla mendilerrotik igarotzen da, bai eta aldapa handiak dituen baso batetik ere, eta han nagusi dira ameztiak (Quercus pyrenaica) eta larizio pinuak eta pinu gorriak. Baso horiek bat egiten dute ibilguko landare komunitatearekin, hots, haltzadi kantauriar eutrofikoarekin.

Behe ibarrean ura mantso doa, harana zabaldu egiten da eta maldak ez dira hain nabarmenak. Zereal eta patata laborantzek eta herri txikiek haltzez (Alnus glutinosa), astigarrez (Acer campestre) eta makalez (Populus nigra) osatutako ibaiertzeko basoa inguratzen dute. Haltzadiak dira nagusi ibaiaren ertzetan, baina beste espezie batzuekin tartekatuta daude. Ibaiaren zati honetan mediterranear inguruneei lotutako uretako landareak hazten dira (Ranunculus penicillatus, Typha latifolia, eta abar).

Zergatik den garrantzitsua

Barrundia ibaia bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa eremuaren barruan dago. Erdi-urtarra den ugaztun haragijale hori munduko animalia mehatxatuenetako bat da. Bestalde, ibaia igarabentzako (Lutra lutra) banaketa eremua da, eta espezie hori ere oso urria da Araban. Ibaiertzen kontserbazio egoera nahiko ona da ibaiertzetako landareei dagokienez (haltzadiak eta sahastiak). Loinen (Chondrostroma  oxostoma=Ch. miegii) presentzia ere azpimarratu behar da; arrain espezie hori Arabako leku askotan bizi den arren, Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean dago sartuta.

DATU TEKNIKOAK

Ibaiak
Gune mota

KBE

Azalera

96 ha

Gertuko udalerriak

Egino, Ilarduia, Asparrena

Intereseko fauna

Ibai garrantzitsua da bisoi europar eta igarabaren presentzia dela medio. Hegaztiak ere nabarmendu behar dira, besteak beste, martin arrantzalea, urretxoria edo sasi txori arrunta.

Intereseko flora

Ingurune mediterraneoei lotutako ur landareak nabarmendu behar dira (Ranunculus penicillatus, Typha latifolia, etab.)

Habitat esanguratsuak

  • Mendiko sega belardiak.
  • Harizti galaikoportugesak Quercus robur eta Quercus pyrenaica espezieekin.
  • Baso alubialak, haltzak eta lizarrak.

Beste ibai batzuk

Ruta cercana

Arakil ibaia KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Baia Ibaia KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Ebro ibaia KBE

Ikusi gehiago