Eduki publikatzailea

Ebro ibaia KBE

Ebro ibaia KBE

Ebro ibaia Euskal Autonomia Erkidegoko ibai emaritsuena da, eta zati handi batean, EAEko hegoaldeko muga naturala da. 80 km inguru ditu. Proposatutako espazioak bakarrik Arabako ibilgua eta ibaiertza barne hartzen ditu, eskuinaldeko ibaiertzak Gaztela eta Leongo (Burgosko probintzia) eta Errioxako autonomia erkidegoetakoak baitira.

Ibaia NW-SE norabidean igarotzen da nagusiki, eta Mirandako eta Errioxako kubeta handien hondoa eratzen du. Conchas de Haroko haitzarte txikiak, Obarenes mendien eta Toloño mendilerroaren artean dagoenak, bi kubeta horiek bereizten ditu. Nekazaritza eskualdeak dira, eta zerealak, erremolatxa eta mahatsa hazten dira lur horietan. Gainera, zenbait industrigune daude, besteak beste Lantarongoa, baita biztanlegune batzuk ere. Garrantzitsuenak Miranda de Ebro eta Haro dira, baina herri horiek ez daude sartuta KBEan. Nolanahi ere, haien presentziak eragina du ingurumenean, besteak beste uraren kalitatean. Ibaiertzeko basoaren tamaina eta egitura aldakorrak dira: zenbait tartetan laborantzak ibaiertzeraino iristen dira ia-ia, beste leku batzuetan makalak daude landatuta, eta beste zati batzuk egoera onean kontserbatuta daude. Hala ere, ibilgua ezinbesteko elementua da paisaia dibertsifikatzeko, eta horrez gain, igarobide ekologikoa eta basafaunaren babeslekua ere bada.

Zergatik den garrantzitsua

Ebro ibaiaren ertzak bisoi europarraren munduko populazio garrantzitsuenaren bizileku nagusia dira. Gaur egun, munduko ugaztunik mehatxatuenen artean dago mustelido hori. Igaraben populazio egonkorrak ere badaude, eta animalia horiek ere oso urriak dira EAEn. Kontserbatu diren ibarbasoetan, beste zenbait espezie garrantzitsuk habiak egiten dituzte edo janaria aurkitzen dute: eremu hezeetako hegaztiek (ardeidoak) eta baso habitatetakoek (pizidoak, paseriformeak). Nekazari lurrek ordezkatu dituzten garai bateko basoen hondarrak dira gune horiek. Gainera, nahikoa animalia dituzten legardiak eta padura txikiak daude ibaiari lotuta. Ebro ibaia ezinbesteko igarobidea da guztiz deforestatutako eremuetako konexio biologikoetarako.

DATU TEKNIKOAK

Ibaiak
Espazio mota

KBE

Azalera

549,8 ha Araba

Gertuko udalerriak

Elciego, Bastida, Guardia, Oion.

Intereseko fauna

Handia denez, Ebro ibaiak espezie kopuru handia dauka. Hegaztien artean koartza gorria, amiltxori txikia edo koartzatxo txikia daude. Apoarmatu korrontezalearen presentzia nabarmendu behar da eta, jakina, mehatxatutako bi ugaztun daude, igaraba eta bisoi europarra.

Intereseko flora

Florari dagokionez, Imperata cylindrica nabarmendu behar dugu.

Habitat esanguratsuak

Baso alubialak, haltzak eta lizarrak.

Beste ibai batzuk

Ruta cercana

Barrundia ibaia KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Ega Berron ibaia KBE

Ikusi gehiago