Eduki publikatzailea

Ega Berron ibaia KBE

Ega Berron ibaia KBE

Ega ibaiaren arroa Arabako hego-mendebaldean dago, eta Arabako Mendialdeko eskualdearen gehiena barne hartzen du. Egaren ibilgu nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko 25 km inguru zeharkatzen ditu, Lagran eta Santikurutze Kanpezuren artean, eta hortik aurrera Nafarroako Foru Erkidegoan sartzen da. Aurretik ere badago Nafarroakoa den beste zati bat, Marañon eta Genevilla artean hain zuzen. Gainera, EGL horren barruan sartu dira Egaren ezkerraldeko bi ibaiadar: Berron eta Izki. Lehenengoa iparraldetik hegoaldera doa Maeztu harana zeharkatuz, Arabako Mendien ekialdetik. Bigarrena Izkiko ameztiak okupatutako kubeta handitik igarotzen da, Berron ibaiarekin bat egin arte. Ega paraleloan igarotzen da Kantauriar-Kodes mendikatearen ipar isurialdearekiko. Mendikateko magalak hurbil daudenez, harana oso estua dela ematen du, eta sentsazio hori areagotu egiten da Angostinako haitzarte malkartsuan. Bertatik igarotzean ibaia Nafarroan sartzen da lehen aldiz. Atauri eta Antoñana artean ere, Soila, Arboro eta Hornillo mendietako hormek paisaia itxia sortzen dute, eta sentsazio hori handitu egiten da inguru guztia hartzen duen basoagatik. Ametzez, pagoz, erkametzez eta zurbeltzez osatuta dago. Maeztu eta Kanpezu haranak zerbait irekiagoak dira, eta Araba erdialdeko laborantzak dira nagusi inguru horretan.

Zergatik den garrantzitsua

Uraren kalitateari dagokionez, eskuragarri dagoen informazioaren arabera "eutrofizazioa dago, inguru gorabeheratsua da eta kalitatea onargarria da". Eskualdean industria gutxi egoteak mesede egiten dio uraren kontserbazio egoerari, baina egia da nekazaritzak eta ongarrien erabilerak nitrato maila altuak sortzen dituztela. Kutsadura nabarmenagoa izan daiteke udan, diluzio emaria gutxitzen denean. Ibaiertzen egoerari dagokionez, denetarik dago. Angostinatik gorako Egaren tartean ibilgua kanalizatu egin zuten orain dela urte batzuk, eta ibaiertzetako zuhaitzak eta zuhaixkak kendu egin zituzten. Gainerako lekuetan, ibaiertzetako landarediak garapen onargarria du, eta paisaia dibertsifikatzen laguntzen du. Haltzadiz eta sahastiz osatuta dago, eta badaude baita ere astigarrak, lertxunak, makalak eta beste espezie batzuk.

DATU TEKNIKOAK

Ibaiak
Espazio mota

KBE

Azalera

226,45 ha Araba

Gertuko udalerriak

Maeztu, Atauri, Antoñana, Santikurutze Kanpezu

Intereseko fauna

Igaraba eta bisoi europarraren presentzia nabarmendu behar dugu, ornodunen artean martin arrantzalea edo loina txikia ere aurki daitezkeen arren.

Habitat esanguratsuak

  • Baso alubialak, haltzak eta lizarrak.
  • Sahats eta makal ibarbasoak

Beste ibai batzuk

Ruta cercana

Ebro ibaia KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Ihuda ibaia KBE

Ikusi gehiago