Eduki publikatzailea

Gorobel Mendilerroa HBEE

Gorobel Mendilerroa HBEE

Gorobel mendilerroa 100 km2-ko kareharrizko mendikatea da, eta itsasotik sortu zen alpetar orogenian, orain dela 30 milioi urte.  Ordutik hona, leku garaietako kareharrien higadura eta magaletako margak ezberdinak izan direnez, gaur egun ikusten dugun erliebea sortu da. Iparraldeko eta ekialdeko isurialdea, Angulo mendatetik Nerbioiko ur jauzira artekoa, 25 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibela duen kareharrizko horma bat da, eta sei pasabide daude harkaitzen artean. Bestalde, hegoaldeko isurialdea leunki jaisten da gailurretatik Losa haranera, Burgosko probintzian. Mendilerroaren goiko aldean nagusiki larrez, txilardiz eta pagadiz osatutako lautada dago.

Eskutxi da gailurrik altuena, 1.180 metroko altuera duelarik. Iparraldetik hegoaldera ere beste gailur batzuk daude, hauek: Urieta (1.133 m), Aro (1.127 m), Ungino (1.105 m), Tologorri (1.066 m), Bedarbide (1.041 m), Solaiera (1.039 m), Txarlazo (927 m) eta Arando (943 m).

Mendilerroak ipar-mendebaldera (Carbonilla eta Magdalena Burgosko mendilerroetatik) eta hegoaldera jarraitzen du, Santiago mendian eta Gibijo mendilerroan.

Gorobel mendilerroaz gain, espazio horretan daude Gibijo mendilerroko mendebaldeko paretak, eta Gorobelekin batera Arrastariako zirkua osatzen dute. Horma horietan daude  Bertzeta (823 m) eta Bagate (725 m).

Oso bertikalak eta ezin iritsizkoak direnez, kareharrizko hormak leku paregabeak dira haitzetako eta mendiko hegaztiek habia egiteko. Gainera,  eremu horretan bat egiten dute klima atlantikoak eta mediterraneoak, eta klima mota bietara egokitutako espezieak aurki ditzakegu. Beraz, biodibertsitate handiko lekua da.

Neguan ezinezkoa denean salbu, lautadan eta mendilerroaren magaletan artzaintza estentsiboa egiten dute behiekin, ardiekin eta zaldiekin.

Zergatik den garrantzitsua

HBEEa balio ekologiko altuko parajea da. Bertan deskribatu izan dira Habitaten Zuzentarauko I. eta II. eranskinetako hainbat habitat eta espezie, Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako espezieak edo autonomia erkidegoetako eta eskualdeetako zerrenda gorrietan eta katalogoetan jasotakoak. Horrenbestez, 2000. urtean HBEE gisa sartu zuten Natura 2000 Europako Sare Ekologikoa deitutako zerrendan.

Gorobelen hegaztien 121 espezie ezberdin daude, eta horietatik  116 espeziek habiak jartzen dituzte mendi hauetan. Horrek esan nahi du Iberiar Penintsulako hegazti habiagileen erdia eta kontinenteko laurdena direla. Horregatik, eremu hori Europako aberastasun ornitologiko handienetakoa duen ingurua da (Egiguren & Llano 2007).

Hegaztiez gain, Gorobelen beste ornodun batzuk daude, besteak beste ugaztunen 55 espezie, narrastien 13 espezie, anfibioen 11 eta arrainen 6 (Egiguren & Llano 2007).

Guztira inguru horretan dauden edo ziurrenik dauden animalien 66 espezie eta landareen 20 espezie Baso eta Itsas Fauna eta Floraren Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan daude, eta horietatik bost “desagertzeko arriskuan” daude, hau da, ugatzak, miru gorriak,  ferra saguzar mediterranearrak, igarabak eta bisoi europarrak.

Bestalde, Gorobel HBEEaren % 73 erkidegoan interesekoak diren habitatek osatzen dute.

DATU TEKNIKOAK

Menditarrak, basoak eta larreak
Espazio mota

HBBE

Azalera

3.883,74 ha

Gertuko udalerriak

Agiñaga, Madaria, Salmanton, Lexartzu eta Añes.

Intereseko fauna

121 hegazti espezieetatik 116 habiagileak dira; hori dela bide, Gorobel Mendilerroa hegazti faunari dagokionez Europako aberastasun handiena duen txokoetako bat da. Komunitate errupikoletako hegaztientzat bereziki garrantzitsua izatea nabarmendu behar da. Ugaztunen kasuan, kiropteroen 17 espezieren presentzia azpimarratu behar da.

Intereseko flora

HBBE Gorobel Mendilerroak duen interes handieneko flora haitz inguruei lotutako landare espezieek osatzen dute.  Pareta eta tontorretako zona heze eta ilunetan hazten diren espezieak dira, baita arrakala txiki eta erlaitzetan ere.

Habitat esanguratsuak

Sastraka pulbinular orofilo europarrak, hegoaldekoak.

Pagadi kaltzikolak, Erdialdeko Europakoak

Beste espazio batzuk

Ruta cercana

Arkamo-Gibijo-Arrastaria KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Entzia KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Gasteizko Mendi Garaiak KBE

Ikusi gehiago