Eduki publikatzailea

Izki parke naturala, KBE eta HBBE

Izki parke naturala, KBE eta HBBE

Izkiko parke naturala basoz osatuta dago nagusiki, eta bertan Europako handienetakoa den ametz arruntez (Quercus pyrenaica) osatutako basoa dago. Baso hori Izki ibaiaren arroa osatzen duten lursail hondartsuetan dago, eta bertan bizi dira ugaztun handiak, besteak beste basurdeak, orkatzak eta basakatuak, baita pizidoak eta okilak ere.

Haran honen mugak ezartzen dituzte haitz handiak dituzten kareharrizko mendiek, besteak beste La Muela, Soila eta Arluzea, harana antzoki baten gisa inguratzen dutenak. Mendi hauetan basoak aldatu egiten dira eta ametz arrunten ordez eguteretan erkametzak daude, eta pagadiak goiko eremu itzaltsuetan. Eremu horietan gauzatzen da baita ere Izkiko beste jarduera nabarmen bat: abeltzaintza. Izan ere, belardiek etengabeko lerroa osatzen dute San Cristobal eta San Justo gailurren artean, eta ia urte osoan zehar bertan egoten dira behorrak eta behiak.

Substratu geologikoen kontrastea da Izkiko paisaiaren dibertsifikazio iturri nagusia. Izan ere, geruza iragazkorrak eta iragazgaitzak batzen direnean iturri eta iturburuak sortzen dira, eta ur horrekin turba inguruak sortzen dira, bertan bizi direlarik EAEko landare arraro eta berezienetako batzuk.

Zergatik den garrantzitsua

Eremu natural hori baso azalera handi eta anitzek estaltzen dute bertako landare hostotsuekin. Nabarmentzekoak dira ametz arruntez (Quercus pyrenaica) osatutako basoak, Izkiko hondar kubeta handian Europako baso masa handienetakoa eta hobekien kontserbatuta dagoenetakoa baitago. Ameztiak dira eremuaren zati handi bat estaltzen duten lurzoru hondartsu eta pobreetara hobekien egokitutako zuhaitzak. Pagadi asko ere badaude, eta karedun eta haizdun lekuetan pagadiak eta erkametzak daude ezpelekin batera. Eremu horretan dauden beste zuhaitz batzuk erkameztiak eta arteak dira, baina aurrekoak baino gutxiago daude.

Zuhaixkei dagokienez, eremu silizeoetan txilardiak, otadiak eta iralekuak daude, eta pre txilardi harritarrak, ipurudiak eta ezpeldiak. Urari lotutako landareen artean daude haltzadiak, sahastiak eta padura eta zohikaztegi txikiak, landare bereziekin. Nabarmendu beharreko azken landareak eremua inguratzen duten kareharrizko harkaitzetakoak dira. Eremu horretan interes korologiko handidun flora taxon asko daude. Asko eta asko soilgune hondartsuetan eta amezti barneko hezeguneetan bizi dira, baita haitzetan eta kareharrizko amilburuetan ere. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik eremu horri lotutako probintzia endemismoak eta espezieak daude. Habitat asko eta anitzak ondo kontserbatu direnez, eskualde hori eremu oso interesgarria da faunari dagokionez. Basoetako espezieak nabarmendu behar dira, adibidez basoan dauden putzuetan eta hezeguneetan ugaltzen diren anfibioak, hegaztiak eta ugaztun haragijaleak.

Okil ertainen (Dendrocoptes medius) populazioa azpimarratu behar da, Iberiar Penintsulako garrantzitsuenetakoa baita.  Nahiz eta haitzak hain nabarmenak ez diren elementu geomorfologikoak izan, badaude horiei lotutako hegazti harrapari batzuk, nahikoa interesgarriak direnak. Aipatzekoa da baita ere eremu hori bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa eremuaren barne dagoela.

DATU TEKNIKOAK

Menditarrak, basoak eta larreak
Espazio mota

KBE, HBBE eta parke naturala

Azalera

9.081 ha

Gertuko udalerriak

Maeztu, Korres, Urturi, Durruma Kanpezu, Bujanda, Antoñana, Arluzea eta Urarte.

Intereseko fauna

Ornodunen 151 espezie daude bertan; zifra horretan ez dira kontuan hartzen migratzean edo negua igarotzeko eremura datozen hegazti edo kiropteroak. Fauna multzoaren izaera, oro har, euro-siberiarra da eta, neurri txikiagoan, mediterraneo izaeraduna. Okil ertaina eta igel jauzkaria nabarmendu behar dira.

Intereseko flora

EAEn eta penintsulan oso arraroak diren zenbait landare hemen daude, batez ere zohikaztegi edo toba bezalako komunitate iraunkorrei lotuta. Besteak beste, espezie hauek aipatu behar dira: Drosera anglica, Carex davalliana, Potentilla fruticosa, Rynchospora fusca, Drosera intermedia, Triglochin palustris edo Dryopteris carthusiana.

Habitat esanguratsuak

Amezti eta pagadi kaltzikolak. 

Argibideak

Izkiko Parketxea

Korres. 01129

Telefonoa: 945 41 05 02

parqueizki@parques.araba.eus 

Beste espazio batzuk

Ruta cercana

Gorbeia Parke Naturala eta KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Urkiola Parke Naturala eta KBE

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Valderejo- Sobron- Artzena Mendilerroa KBE eta HBEE eta Valderejoko Parke Naturala

Ikusi gehiago