ZEC Arkamo-Gibijo-Arrastaria eu - natura2000
Eduki publikatzailea

Arkamo-Gibijo-Arrastaria KBE
Tarteko garaiera (1.100 m-ra arte) duten mendilerroak dira, eta kate bat osatzen dute, Kuartangoko eta Urkabustaizeko haranak besarkatuz. Hauek dira orografia unitateak: Badaiako mendilerroa (soilik hegoaldeko muturra sartzen da eremuan); Arkamokoa, E-W orientazioarekin; Gibijokoa, goi lautada handia osatzen duena, eta Gorobelekoa, aurrekoaren jarraipena dena eta Arrastariako eta Urduñako haranera bortizki erortzen dena.
Mendi magaletan bertako zuhaitz masa handiak daude, eta nagusi dira pinu gorriz osatutako pinudiak eta pagadiak iparraldean eta altitude garaietan eta erkameztiak eta hariztiak hegoaldean eta lurzoru harritsuetan. Arkamo eta Gibijo lautada altuen erliebea karstikoa eta irregularra da, eta sasiz, belarrez eta pagadi bakanduz estalita dago; inguru horretan ganadua bazkatzen da.
Nabarmentzeko moduko elementu geomorfologikoak dira Techako haitzarte estua, Baias errekak sortua, eta Nerbioiko ur jauzia, 200 metro baino gehiago amiltzen dena. Kareharrizko haitz handi eta ikusgarriak daude Arkamo eta Gorobelgo gailurretan.
Zergatik den garrantzitsua
Gune honetako balio natural nagusiak mendi magaletan dauden baso autoktono zabalak dira, eta horrez gain, interes paisajistiko handia duten elementu bereziak ere badaude. Mendi horiek eskualde atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko muga biografikoa osatzen dute, eta zenbait espezieren banaketa areatan islatzen da hori. Haitz inguruetako (gailurrak, pitzadurak eta erlaitzak) landareak interesgarriak dira, inguru horien tamaina handia kontuan hartuz.
Zenbait espezie penintsulako iparraldeko eta ipar-ekialdeko mendietako endemikoak dira. Faunaren alorrean nabarmentzekoak dira basoetan bizi diren ugaztunak eta hegaztiak, baina bereziki inguru harkaiztar eta menditarretakoak. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi handia duten animalia espezie batzuk aurki ditzakegu, besteak beste hauek: sai arreak (Gyps fulvus), arrano beltzak (Aquila chrysaetos), sai zuriak (Neophron percnopterus), belatz handiak (Falco peregrinus), malkar sorbeltzak (Apus melba), beleak (Corvus corax) eta belatxinga mokohoriak (Pyrrhocorax graculus).
DATU TEKNIKOAK
Espazio mota
KBE
Azalera
11.648,0 ha
Gertuko udalerriak
Karkamu, Ginea, Artatza, Jokano, Arriano, Andagoia
Intereseko fauna
Mehatxatutako ornogabe eta kiropteroen komunitate zabala nabarmendu behar da. Hegazti faunari dagokionez, arrano beltza, belatz handia, antzandobi arrunta edo sai zuria nabarmendu behar dira.
Intereseko flora
Crepis pyrenaica, Gentianopsis ciliata, Ophrys aveyronensis, Pedicularis tuberosa, Trollius europaeus bezalako espezieak nabarmendu behar dira.
Habitat esanguratsuak
Sastraka pulbinular orofilo europarrak, hegoaldekoak.
Gramineodun eta urteko TheroBrachypodieteadun gune azpi estepikoak
Artadiak
Beste espazio batzuk

Arabako Hegoaldeko Mendilerroen KBE eta HBBE
Ikusi gehiago
Entzia KBE
Ikusi gehiago