Caicedo Yusoko Lakua eta Arreo KBE, eta Añanako Diapiroko biotopo babestua - natura2000
Eduki publikatzailea
Caicedo Yusoko Lakua eta Arreo KBE, eta Añanako Diapiroko biotopo babestua
Gune hau Euskal Autonomia Erkidegoko laku natural bakarra da. Arabako Haranen eskualdean dago, eta lurralde horretan muinoak eta haran eta trokarte txikiak txandakatzen dira. Itsasoaren mailatik 650 metroko altitudean kokatzen da eta iturburu gazi batek osatzen duen elikadura arro txiki bat dauka. Ur azalera 15 ha ingurukoa da, eta sakonera 25 m ingurukoa. Inguruko paisaiaren orografia irregularra da, Añanako diapiroaren eta kanpoko eragileen ondorioz. Nekazaritza lursailak daude lakuaren inguruan, eta muino txikien magaletan baso mamitsu eta hostotsuak. Horietan nagusi dira erkameztiak eta artadiak. Jatorri geologikoari dagokionez, aintziraren hondoan zeuden material bigunak disolbatzean eta higatzean sortu zen lakua; gainera, diapiroak zeharkatzen dituen akuiferoak azaleratzen dira hor.
Zergatik den garrantzitsua
Leku hau Euskal Autonomia Erkidegoko laku sistema iraunkor bakarra da. Añanako diapiroaren aldamenean dago, eta diapiro horretan du bere jatorria. Landareria askotarikoa da, eta lakuaren inguruan erkametzez eta artez osaturiko baso mediterraneoak dira nagusi. Lakuaren inguruan zingira landareak daude; landaretza hori ondoz ondoko zerrendatan hazten da hezetasun edafikoaren arabera, kanpoaldetik (larreak eta ihiak) barrualderaino (lezka arruntak eta lezka hostoestuak). Ikuspuntu botanikotik, iturburu gaziari lotutako espezie halofilo bereziak daude. Leku horretako interes faunistikoa urari lotutako espezieetan datza, uretako hegaztiek lakuan habiak egiten dituztelako eta negua ere han igarotzen dutelako. Horrez gain, anfibioen ugalketarako leku garrantzitsua da, eta zenbait espezie oso kopuru handitan elkartzen dira bertan.
DATU TEKNIKOAK
Gune mota
KBE, biotopo babestua eta RAMSAR hezegunea
Azalera
148,31 ha
Gertuko udalerriak
Villambrosa, Arreo, Gasteiz eta Gesaltza Añana.
Intereseko fauna
Hegaztien artean nabarmendu behar dira sugezale europarra, mirotz zuria, zapelatz liztorjalea eta antzandobi arrunta, eta ornogabeen artean uhin gorriko dontzeila (Euphydryas aurinia) eta Coenagrion mercuriale sorgin-orratza.
Intereseko flora
Berula (Berula erecta), estrepa kiribildua (Cistus crispus), ihia (Juncus acutus), Utricularia australis eta Frankenia pulverulenta nabarmendu behar dira.
Habitat esanguratsuak
Artadiak
Erkameztiak
Hariztiak, haritz ametza eta kanduduna.
Argibideak
Bisitarien Zentroa – Añanako Gatz Harana
Real kalea 32, 01426
Salinas de Añana/Gesaltza Añana (Araba)
Harremanetarako telefonoa: 945 351 111
Kontsultak eta erreserbak egiteko e-maila: reservas@vallesalado.com
Webgunea: www.vallesalado.com